Euri asko egin baitzuen lur emate egunean. Gorpua ez zen bederatziak arte iritsi, furgoia behin eta berriz bide nagusitik desbideratu zutelako. Baina hala ere jendetza handia zegoen kanposantuko zelai inguruetan zain, goardia zibil arma luzez armatuek osatzen zuten lerroaren atzean.
Isiltasuna izugarri bilakatu zen furgoia tanketaz inguraturik agertu zenean. Goardia zibilen kargak izan ziren, lasterketa eta kolpeak. Mendialdeko zelaikoek behera nahi zuten, eta kanposantua gainezka zegoen jada.
Zerraldoa euripean, eta hura inguratzen herri asaldatua.
A-ko epailea tapa kentzera behartu zuten, kapaz zirelako zerraldoa harriz beteta bidaltzeko, esan zuen norbaitek. Lanabesak ekarri, eta ireki egin zuten. Kristalezko leihatilan zehar ikusi zutenen iritzian, aurpegian bakarrik sei tiro omen zituen gutxienez. Handitua behintzat bai, eta ubela, erretore ohiak Iñaki Abaituari esan zionez. Ez omen zuen asko begiratu nahi izan. Gainera, negarrez hasi zen ama. Jendeak besarkatu egiten zuen. Ama inoiz besarkatuko ez zuten gizon mardulek, besarkatu eta “orain denok gara zure semeak” esaten zioten. Hitz kontsolagarri asko, batez ere “orain denok gara zure semeak”. Eta etxera lagundu zioten.
Sukaldean, gorpua bera baino lehenago iritsitako ondasun urriak zeuden. Bandrés diputatuak ere gogoan zuen hori. Kirol poltsa irekia, gainean alkandora koadrozko bat ageri zuela; alkandora lodia, zuri-gorri-berdea, berak lokutorioan azken aldiz ikusi zuenean —Garmendiaren defentsa hartuko zuela esateko— soinean zeramana. Sacco eta Vanzetti aipatu zituen Iñaki Abaituak Bandrések gertakizuna kontatu zionean. “Sacco eta Vanzettirena baino ederragoa”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario