Gero, bular gainera erortzen zaio burua, odola dariola, tantaka lehenbizi, txorroka gero, lurra zipriztinduz. Azkenik, zango baten mugimendu dardaratia, oin bat alborarazten diona, eta esango litzateke zapata, doi berrehun metroan erabili duen zapata berria, odol isuritik salbatzeko ahaleginean alboratu duela.
Haizeak ere errespetatzen duen isiltasun sakona, ez baitu hostorik mugitzen. Natura bera zentzugabekeriaz hunkitu bailitzan, eta gizonak berek egindakoaz izutu bailiran. Isiltasun bortitza da, dramatikoa, Daniel Zabalegi aurrerantz makurtu eta, une batez oreka ezinezkoan iraun ondoren —hiltzaileek, arkuerdia desegin gabe, pauso bat atzera ematen duten bitartean—, lurrera erortzen denean, oso poliki hasieran, eta harri bat bezala gero, zutoina eskuartean daramala.
Orduan, eta ez lehenago, esaten du norbaitek “a tomar por el culo”, eta gainerakoek txalo egiten dute izua kentzeko, gorpuaren inguruan biribila hersten dutelarik. Beste batek saihetsean ukitzen du oin puntaz, puntaz bakarrik, gorpuaren ukitua sentitzeko erreparoz bezala, higuinez beharbada, baina azkenean, bota gerri azpitik sartuz, ahoz gora jarriko du ostikoz. Kostata, hala ere, eta keinu nabarmena egingo du gero hori adierazteko, eskua izterrondora eramanez.
Orain ahoz gora datza, aurpegia lohituta. Odolak ilunagoa dirudi lokatzetan, zezenarena bailitzan, eta berak ere handiagoa eta astunagoa dirudi. “Berrehun libra gutxienez”. Hori esan du besazpitik helduz lurretik jasotzen hasi den batek, eta barre egin dute beste batek “será el plomo” erantsitakoan. Furgoiraino ezetz eraman, desafio egin diote. Ehunen bat metrora dago zain, zerraldoarekin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario