2011-03-23

358. pasartea

Agian orduan esan zuen “Jainkoaren asmoetan dagoena da”. Lenteak arreta handiz garbitzen ari zen. Azken aldiz jarri, eta altxatu egin zen, solasa amaitutzat emanez. Iñaki Abaituak despedida trakets bat inprobisatu zuen. Luzeago hitz egitea atsegin zukeela, esan zion bere esker ona azalduz, eta ondotik lotsa sentitu zuen berehala, barne-lotsa mingarria, ahultasun adierazpen bat izan ohi zuen guztietan bezala; hiltzera doanari alkoholaren kontsolamendu merkea uka ziezaiokeen piztia higuingarria iruditzen zitzaiola esan nahiko baitzion. Eta halakoetan, ezinbestean, fitxarako erretratua egiten ari zitzaion Goardia Zibileko fotografoak “begira txoritxoari” esan zionean berak, derrigorturik sentituta, egin zuen irribarretxo inozoa erredura bat bezala sentitzen zuen aurpegian.
Ez zion galdetu, beraz, ea berak entzun zion esaten “ez dut deus nahi horien elizarekin”. Amaren adierazpena izan zen hori. Aitortzaren eskaintza egin ziotenean, berak Inazio Mujika Iraola eskatu omen zuen, garai hartan A-ko erretorea, azken borondatearen errespetuarena sinetsirik, eta hark bidaia egin bazuen ere, kartzelako atean ez zioten sartzen utzi. Aitortza egiteko edozein apaizek balio zuela esan zioten Inazio Mujika Iraolari, eta kartzelan bazuela bat nahi izanez gero. Eguzkitako antiojoduna, aurpegi ilunekoa. Orduan esan omen zuen ez zuela deus jakin nahi haien elizarekin.
No quiero saber nada con la iglesia de estos —, gazteleraz esan baitzuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario