“Gaua luzea da, ikusiko dugu” esaten omen zuen, funtzionarioak aitortzaren gomendioa egiten zionean. Traje ilunez jantzitakoak, pauso bat aurrera emanez, “ordua da” esan zuen arte.
—Eta ez dago besterik. Ulertzen?
—Zer esan zuen?
—Aparteko gauzarik ez. Imajina ezazu gaixorik dagoen norbait. Nik asko ikusten ditut hiltzen hemen ospitalean, eta beti da berdintsu. Imajina ezazu hori, pertsona bat hiletsita ospitalean, orduaren esperoan.
Isildu egin zen. Eskuak patriketan sartu eta zerbaiten bila ibiltzeko keinu nabarmenak egin ondoren, hutsik atera zituen atzera. “Imajina ezazu ospitalean dagoen norbait” esan zuen berriro, “egunero ikusten dut hilzorian dagoen norbait ospitalean”.
Ez zela gauza bera, ordea, heriotzaren minutu zehatzaren berri jakitea, eta hori gutxi balitz, gorputza osasun alferrikakoaz gainezka sentitzea. Are gehiago, krudelki osasuntsu, izuaren urratua hobeto sentitzearren. “Ez da berdin” ausartu zen esaten, “gaixotasuna bera lagungarri gerta baitaiteke onarpenaren bidean sartzeko. Gaixotasunak hil egiten gaitu, baina bide batez hiltzen laguntzen digu. Ez al zaizu iruditzen?”.
“Jainkoaren asmoetan dagoena da. Ulertzen? Bera ere etsita zegoen, eta guztiok —ni, funtzionarioak, zuzendaria—, bere esanetara geunden, eta horrelakoetan, araudiak bide ematen baitu, nahi zuen guztia eskuratzen zitzaion, tabakoa, edariak eta abar; alkoholik ez, noski. Guztion nahia zen ordu haiek ahalik eta atseginen pasa zitzan, eta bera, zer nahi duzu esatea, lasai zegoen, esaten zuen ez zuela suerte handirik izan mundu honetan, eta zer nahi duzu, goiz edo berandu, denona da hiltzea”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario