Iñaki Abaituak Mujika Iraolarekin hitz egin zuenean, apaizgoa utzita zegoen. Berak garrantzi handia ematen zion esaldiari, “ez dut deus jakin nahi horien elizarekin”, ustez, berearekin, herrikoarekin alegia, nahiko zukeela adierazten zuelako. Hori pentsatzen zuen berak.
—Gutako batekin igual nahiko zuen.
Ez zirudien erabat sinetsita ere, ikusten baitzuen bere presentzia eskatu izanak, besterik gabe, herriko norbaitekin hitz egiteko aukeraz baliatu nahia adieraz zezakeela. Kartzelaratu aurreko garaian ez zuen harekin tratu handirik izan, ezta herriko beste apaizekin ere, hori egia da. Halaz guztiz ere, askotan errepikatzen zuen “gutako batekin igual nahiko zuen”, zalantzak nahigabetu egingo bailuen.
Daniel Zabalegiren amak eta biek elkarrekin egin zuten bidaia, txibatoa ote zen susmoa ibili izan zen baten taxisean, hain zuzen ere. Gizon ona omen zen gizajoa, eta fama txar hura garbitzeko gogoz ziur asko, Daniel Zabalegiri, Brinkola utzi eta herrian agertu zenean, bestaldera pasatzeko eskaini omen zitzaion. Ez zien bidaiarik kobratu nahi izan. Amak “anestesiatuta” bezala egin omen zuen bidea. Horiek izan ziren apaiz ohiaren hitzak.
Ahalegindu bazen ere, berari ez zioten sartzen utzi. Kartzelan bazutelako apaiza, eta edozeinek berdin balio zuelako, esan zioten. Amak, berriz, ez omen zuen denbora asko egin barruan, eta bueltan erabat aldatua ikusi omen zuen, bere onetik irtenda bezala, bat-batean adoretsu, semeak ez zuela inor hil eta bizia Euskadiren alde ematen zuela esaka.
No hay comentarios:
Publicar un comentario