2011-03-23

343. pasartea

Loretta Sheridanek ez du nahi benda jar diezaioten, baina “hobe da zuretzat” esaten diotenean onartu egingo du otzanki —”horrela bada...”— begi zoragarriak estal diezazkioten. “Zuk nahi duzunean, koronel”, dio gero.
Daniel Zabalegik ere badaki begiak estaltzeko benda eskainiko diotela. Berez, dakien gauza bakarra da heriotza arautzen dion erritualari buruz. Hainbat filmetan ikusi izan duelako daki, eta gainera, funtzionarioak esan dio, Loretta Sheridani esaten dioten bezala, hobe duela begiak estaltzearena onartzea. Ez da zaila zergatia asmatzen, eta berak ere imajinatzen du. Burua ezkerrerantz biratzen duenean, txirritxoak desagertu diren aldera. Eta kapilaua atzematen du, eguzkitako betaurrekoak jarrita, trajez jantzitako bi gizonekin solasean. Agintedunak dirudite. Laugarren bat inguratzen zaie, paisanoz jantzita hura ere, baina eskua bekokira eramanez agurtzen ditu. Burua erabat jiratzen duenean, txoferra dakusa bi gazteren laguntzaz kaxa bat garraiatzen, metro erdi bider metro erdi bider metro eta erdi, zurezkoa. Badaki bere heriotzarekin zerikusia duela, baina ezin du asmatu zer izan daitekeen, eta txoferra berriro so dagokiola konturatzen delarik, begiratu egiten dio berak ere, eta txoferrak kaxari gero, galdera asmatu duelako Daniel Zabalegiren begietan.
Talderik ugariena ezkerraldean du. Hamarren bat gizonek osatzen dute, zenbakia ezin zehatz badezake ere, batzuek bistatik ezkerrerago alde egiten baitute.
Zigarroak erretzen dituzte, eta, hotza uxatzeko, eskuetan hatsa bota eta igurzten, edo besoak bularrean gurutzatuz saihetsak astintzen dituzte, aldi berean lurra ostikoz joz. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario