Daniel Zabalegik bezala, bi goardia zibilen artean lokatzez betetako larrean zehar daramatenean; zutoina —bistakoa denez, hantxe lotu behar baitute hiltzeko— zein egur motatakoa ote den pentsatzea bururatzen baitzaio.
Bistan zegoen pinua zela. Koloreagatik, adabegiengatik ere bai, eta are gehiago erretxina itsaskorragatik, hatzetan sentituko baitu, baita usaindu ere, lotuko dutenean. Zutoin pinuzkoa, lurrean gaizki sartua, bizkarra kontra jartzean kili-kolo mugitzen dena. Hilko dutenean, ez dio kargari eutsiko. Burua jiratzen duela esaten zaigu. Burua jiratzen hasten dela, auzoko pentokan, ekialdetik —eskuinetik, beraz— galdu diren hegazti txiki beltz batzuen hegada jarraitu nahian, baina amaitu gabe eteten du mugimendu hori, bere aurrean hogeiren bat metrora geratu den kamionetari so. Ez du deus berezirik sentitzen minutu gutxiren buruan gorpu hartuko duen zerraldoa ikustean, eta txoferra ere berari begira sumatzen du, arreta handiz, eta burua makurtzen ikusten du gero, lotsatuta bezala bera ere begira dagokiola konturatzean. Gurpilak ostikoz jotzeari ekiten dio, airez nola dauden neurtzeko bezala. Burua eskuinetara biratzen jarraitzean, txirritxoen hegaldi aldakorra dakusa berriro, esku beltz laburren antzera ixten eta zabaltzen, despedida gisa.
Despedida gisa zeru gris hezean. Ezinbestekoa zen zeru grisaren eta hezetasunaren aipamena, operetako espioi haren heriotzak hunkituriko mutikoa gogoan. “Una mañana de invierno en Inglaterra” irakurtzen zuen hark tapa arrosa higatuak eta orri beis tita marroiz zipriztinduak zituen liburuan, izebaren komodako lavanda usainekoan. Hantxe ikasi zituen bere herriko badiaren kolorea zehazteko hitzak: badia irailean, hondartza hutsik geratzen zenean, gris distiratsu, zelofanetan bildua.
No hay comentarios:
Publicar un comentario