Gutxienak dira uniformaturikoak –batzuek, gainera, itxura ez oso konbentzionala ageri dutelarik: adats eta bizar luzeak; arauz kanpokoak, bistan denez–, baina denek daramate trikornioa, edo kapela, edo gerrera, goardia zibilen ezaugarritzat har daitekeen zerbait, eta horrek, nolabait ere, behar bezala janzteko astirik izan ez duenaren jitea ematen die.
Kapilauak estola moreari muin egin, buru gainetik altxatu eta lepoan jartzen du. Seinale bat bezalakoa izan da: haren agindura, taldeak metro erdi bider metro erdi bider metro eta erdiko kaxa zurezkoa inguratu du eta, batek ireki zain, eskuak igurzten dituzte, lurra indarrez zapaltzen, eta saihetsak astintzen, besoak bularrean gurutzatuz.
Begi erreek zeru grisera ihes.
“Pausalekurik gabeko intsektu baten hegada urduriari darraiola dirudi”. Badaki hobe lukeela benda onartuko balu. Begirada galduaren zorabioa ebitatzeko: ikarari begiak itxi, ihes egin, bihotzak bularretik egin nahi duen bezala.
Hauts zuri hori zainetan, europarrek adrenalina eta amerikarrek epinefrina esaten dioten hauts zuria. Horri esker, bihotz taupadak bizkortu eta indartu egiten dira, oxigenoa bizkorrago igorriz; behazunak metatutako globulu gorriak odol korrontera jaregiten dira oxigenoa garraia dezaten; azal-erraietan dabilen odola garunera eta giharretara bideratu, eta han banatzen da; arnas ahalmena handitu eta bronkioak zabaltzen dira, oxigeno gehiago hartzeko; begi-niniak dilatatzen dira, agian ikusmena hobetzeko; odolaren gatzagarritasuna areagotzen da, zauririk izanez gero ixteko, eta odoleko linfozitoak ugaritzen dira, ehunetako kalteak errazago sendatzeko. Horra animalia batek ihes egiteko behar duen guztia. Zentzuek beren onenean jardun dezaten.
No hay comentarios:
Publicar un comentario