—Nondik atera duzu? —galdetu zuen, liburua eskuan liburutegi zokotik azalduz.
—Ez dakit, erdiak aitarenak dira. Blasco Ibañez, Ricardo de León eta beste koadernatu horiek.
—Irakurri nuen lehenbiziko nobela da, eta ale bera dirudi.
Ireki eta orri beis tita marroiz beteak pasatu zituen.
—Ba, a ze bibliografiaz baliatzen zen zure aita —esan zuen Albertok, berak ere liburu bat erakutsiz.
Arte-liburu formatokoa zen, orriak bi folioren tamainakoak zituena. Eskuz esku pasatzen hasi ziren. Argazki bilduma bat zen. Emakume biluzia estaldura forma eta modu desberdinetan hartua, baina gizonik gabe.
—Nire senar ohiak utzitako zikinkerietako bat —esan zuen Juliak lehor.
Liburuaren zentzuaz hitz egin zuten. Emakumea bakarrik agertzearen zentzuaz. Ez omen zuen kalitaterik artistikoa izateko. Pornografia, arte pretentsioarekin. Ionek askotan bereizi nahi izaten zituen pornografiaren eta erotismoaren arteko mugak.
Azkenean Iñaki Abaituaren eskuetara iritsi zen. The Sex I Like zuen izenburua. Joera ia profesionalaren eraginez gainazala kentzerakoan, argazkia eta eskaintza topatu zituen. Argazkia azalaren eta gainazalaren tartetik jausi zen, eta eskaintza gainazalaren barnealdean idatzita zegoen. Ez zekien arreta zeri eman lehenbizi eta, zehar-begiratuka, Albertori so egin zion, konturatu ote zen jakiteko.
Letra handia zen, argia eta zorrotza, mojen eskolakoa. Hau zioen: “Zu gabe, sexua gimnasia aspergarri bilakatzen da. Non zaude?”
Argazkia neska gazte batena zen. Nerabe bat lurrean eserita, belaunak bi besoez inguraturik, zuhaitz baten kontra etzanda. Argazki hartaz baliatuak ziren, erabat handituz Juliaren oheburuan zegoena lortzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario