Han zegoen, begi ilunen begirada hezea, ezpain mamitsuak gurutzatzen zituen isla leuna, aho ertzeko tolesdura ezdeus batez lortzen zuen irribarre aieru hain hunkigarria. Zenbait alderdi ilun zehaztu ahal izan zizkion. Adibidez, oheburuko argazkian txanoa izan zitekeena, ilea zen berez, kizkurra eta oso motz ebakia, doi bi zentimetro luze. Edo hormakoan lepoko orbain zehazgabea zirudiena medailoia zen.
Eskaintza bat zuen atzealdean, “Betiko gordeko zaitut bihotzean”, sexu liburukoa idatzi zuen esku berberak idatzia, iruditu zitzaion. Letra argia eta zorrotza zen, mamiaz gauza bera ezin esan bazitekeen ere.
Nolanahi ere, hobeto aztertzea etxerako utziz, Altas esferas-en barnera lerratu zuen, beti ere Alberto zeharka zainduz. Gero, liburua eskuan altxatu zuen atzera, ea utziko zion galdetuz.
—Zuretzat betiko —esan zuen Juliak.
—Irakurri nuen lehenbiziko nobela da —berriro, esana zuela konturatu gabe. Eta irribarre egin zuen, garai batean heriotza emakume ilegorri baten irudiarekin lotzen zuela gogoratzean: esku hatz-luze batez larruzko berokia lepotik hartuta, bestearekin ezpainak pintatzen ari. Ez zien esan sukaldeko marmolezko mahai gainean makurtu eta, Loretta Sheridan-en ezpain hilak laztantzen zituelakoan, musu ematen zionik.
Altxatu egin zen. Irrikaz zegoen bularraren kontra altxor bat bezala zeraman neska gaztearen argazkia astiro-astiro ikusteko. Obsesionaturik zeukaten hain irribarre leuna marrazten zekiten ezpain ilun mamitsuek. Hitz lizunena inozentea zen haietan, eta inozenteena intentzioz betea: “Non zaude”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario