Loretta Sheridan dakusa, kartzelako patiora irtendakoan zerura so —”zeruan izar bat ñirñirka oraindik”—, emozio nabarmenik adierazi gabe, guardasola edo gabardina hartzea komeni ote den jakiteko zer eguraldi egingo duen igarri nahi izaten denean bezala. Aldaka garaiak bigunki mugiarazten dizkion ibilera nagiaz, exekuzioa aginduko duen koronelarengana inguratzen da, nekea salatzen duen zeinu gehiegizkoaz esku hatz-luzea eskaintzeko. Lorettaren ahots sakona entzuten du, ezpainak pintatzen diharduelako kuriositate gaitzeslez begira dagokion kapilauagana itzuli eta “ene koketeriaren azken adierazpena, jauna” dioenean, edo Joana lagunari —isiltasunaren deserosotasuna hausteko desiraz, zerbait adierazteko beharraz baino gehiago— “hotz handia egiten du”.
—Bai, hotz handia —Joanak, hotzak edo ikarak edo biek nahigabeturiko ahotsaz.
Eta orduan egiten du keinu zoragarri eta hunkigarria, berokia kapa bat bailitzan airean irauliz kendu, eta gero, leunki, Joanaren besaburuak estaltzekoa. Zutoinera lotu dute. Ez ditu dantzarako bezala mugitzen zituen besoak gehiago mugituko, beraz. Besaburu bat altxatuko du —besoa despedida gisa jasotzeko ahalegin eragotzia— eta, etsipen gozoz, irribarre egiten dio Joanari.
Isilean, “adios, Joana” ahoskatzen duela dirudi, eta gero, koronelak “apunten” oihu egiten duenean, ezpainak hortzen kontra bildu eta estutu egiten ditu, pinturaren gorria finka dadin, heriotzaren ispiluari so. “Fuego” aginduak laino grisa trumoi batek bezala barreiatzen duenean, ez dio irribarrerik ezabatzen. Bizitza, ordea, badoakio, ura esku artean bezala, tantaka, larruzko berokiari geratu zaion epeltasun gozoa joango zaion bezala.
No hay comentarios:
Publicar un comentario