Baina ez zion portaera hari zentzurik ikusten. “Zenbakia ahaztu zait” edo “gaizki hartu dut zenbakia” esan zuenean, gida eskaintzekotan egon zen, baina ez zuen halakorik egin, etxetik hartua zion argazkia ezkutatzen zuelako. Gida eskaini ordez, berak hartu zuen komoda gainetik. Eskuetan hartu eta “izenik ere ez dakit, ordea” esan zuen, baina ordurako Juliak erreparatua zion azpian zegoen argazkiari.
Ez zirudien harrituta, ordea. Eskuartean hartu eta “69ko uda” esan zuen. Gero, beste zerbait bromatan, “zigortuta naukazu hor azpian” beharbada, baina ez zion galdetu ea nondik zuen aterea. “Ez dut merezi tratu hau”. Apalean jarri eta pauso bat atzera eman zuen. “Argazki polita da” esan zuen gero.
Polita zen argazkia.
Bazen urtebete baino gehiago kendu ziola. Liburu baten barnean zegoen. Sexuari buruzko liburu bat zen, bitxia, emakume bat besterik ez baitzen ageri; estalia izateko hainbat posturatan, baina bakarrik. Hain egiten zuen ondo keinuez, besoen ezarreraren bidez batez ere, norbaitekin ari zelakoa, non larrutako lagunak argazkietatik ezabatua baitzirudien. The Sex I Like zuen izenburua.
Liburu haren barruan zegoen argazkia, eta liburua liburutegian. Iñaki Abaitua Ane ez ikustearren eseria zen liburutegiko zokoan, Albertoren ondoan. Ane Parisen bizi zen Abelek ihes egitea erabaki zuenetik, baina sarritan jaisten ziren Euskal Herrira. Esamolde hori erabiltzen zuen, “Paristik jaitsi”. Abel Donibanen geratzen zen, eta Ane mugaren alde batetik bestera ibiltzen zen, janaria garraiatzen batez ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario