2011-03-29

280. pasartea

Lehengo besaulki berean jartzen segitzen zuen; haren besoan, hobe esan, Abel eserita egoten zenean bezala, eta Abelek esango zukeena esaten saiatzen zen. “Abelek esan ohi du” hasten zen, eta, amerikar inperialismoaren eta abarren haritik, ez zuen bukaerarik izaten.
Horregatik, egun hartan “Abelen iritziz” esaten hasi zenean, Iñaki Abaituak Albertoren ondora egin zuen ihes, liburuak miatzera.
Perejil hil zuten egunean izan zen, eta izebaren etxetik alde egin zuenean, egun berean gertatu baitziren gauza biak. Goizean ezkutalekua uztea erabaki zuen, eta Perejil eguerdian hil zuten. Neurri batean amarengatik alde egin zuen izebaren etxetik, jeloskor nabari zuelako. “Oraindik ez al haiz horren esne frijituaz aspertu?”, esan zion behin telefonotik, haserre antzean. Eta ulertzekoa zen. Hamabost egunez behartu zuen ama bere etxean bizitzera, badaezpada, ea polizia agertzen zen ikusteko, eta Susanaren deia jasotzeko ere bai. Deitzen bazuen, noski. Baina ez zuen deitu, eta ez zen inor azaldu. Hiztegia argitaratzen zuen kutxakoak bakarrik zebilzkion atzetik, hurrengo emaitzarentzat data eske.
Beraz, ama bere etxera itzuli zen asper-asper eginda, eta izebarenean agertzen hasi zitzaion, ez zuela uste arriskuan zegoenik esanez, eta han oso gustura zegoen arren, ume gaixo bat bezala tratatzen baitzuen, azkenean etxera aldatzera beharturik sentitu zen, hain bihurtu zen etengabea amaren alamena.
Larderia ilun batek harturik igo zen etxera. Atea giltzaren bira batez itxia sentitzean, berehala jakin zuen Ortiz de Zarate bertan zela, edo egona zela, amari ez baitzitzaion ahaztuko bi bueltaz ixtea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario