Hala ere Juliak ez du bere kexa ezkutatzen. Adibidez, “inporta al zaizu gabardina eranzten badut?” esaterakoan —”zeure etxean zaude” erantzun dio berak— begi-bistakoa da oraindik ere jantzita daramala esan nahi duela, Iñaki Abaituak ez diola gorputza ferekatu.
Garai hartarako, ordea, auskalo hainbeste inporta zitzaion. Iñaki Abaituak askotan berrituko zuen eszena hura, bere baitan irudiz irudi banatuz, maitasunerako ez ezik, beste zerbaitetarako etorri zela adieraziko zukeen zehaztasunaren bila. Hendaian, Kasinoko terrazan eserita dagoelarik, gabardina irekitzen imajinatzen du. Ez zuen bi besaburuak erakusteko adina kendu, ea eranztea axola zitzaion esan ondoren, eta faldoiak izter artean gordez eseri zen aurrerantz makurtuta, zerbaiten esperoan bezala, eta handik gutxira telefonoak jo zuen.
Iñaki Abaituak ez zuen hartzeko astirik izan, hiru aldiz jo eta, hartzerako, eseki egin baitzuten. Ez zion garrantzirik eman. Baina handik gutxira, Juliak, deitu beharra zuela esanez, zenbaki bat markatu zuen. “Barkatu” esan zuen telefonotik, “tronpatu egin naiz”, eta eseki egin zuen. “Zenbakia ahaztu zait” edo, “gaizki eman didate zenbakia”. Aitzakiaren bat eman zion, atzera ez markatzeko.
Orduan ez zion garrantzirik eman horri. Gerora, bere etxean agertzearen arrazoia, hain zuzen ere, telefonoaren hiru tirrin hots haiek jasotzea izan bide zela pentsatu zuen. Haiek entzun eta dei bakar hura egitea, “barkatu, tronpatu egin naiz” esateko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario