Baina Ortiz de Zarate ez zegoen itxuraz ezinezko dena errazena gerta daitekeela pentsatzeko, ez egoera hartan behintzat. Ur ertzetik, itzul zedin eskatzen zion. Egokiago litzateke agintzen ziola esatea, ahots urratu hura ahapeka hitz egiteko menderatzea lortu gabe. “Etor hadi hona” esaten zion, eta, besterik ezinean ziur asko, polizia inguruetan egonez gero ordurako hautemanak behar zituela pentsatuz, ibaia gurutzatzea erabaki zuen. Ibiltzean besoak astintzen zituen, igerian bezala, zarataz arduratu gabe jada, goardia zibilak errepidetik pendiza jaisten ari zirela jakingo bailuen.
Iñaki Abaitua ibaiaren erdian zegoen linternen argi urdinkarak iluntasun hezea zeharkatu zuenean, eta geldirik iraun zuen, argitasuna arretaz jabetzen zitzaiola, goardia zibilen “alto” ahotsa entzun zuenean ere, gorputza aurrera makurtuta. Atzetik ura astintzen sumatu zituenean, zaldiak bailiran bafaka, salto egin zuen iluntasunean.
—Korri agudo —esan zuen salto egitean, eta oihua alaia izan zen ia.
Ur palastak eta arnas hotsak erantzun zioten. Linterna guztien argiek begietan jo zuten urazalean agertu zenean. Artean ahulegiak ziren argien ihesi abiatu zen paraje hartatik eskuinerantz, korrontearen kontra, ibaiaren bihurguneak harriz eta sedimentuz aldapa leun bat osatzen zuen alderdira, eta ura gerriraino zuelarik, zuzenean jarraitzea erabaki zuen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario