2011-03-22

438. pasartea

Berriro ere gidatze lanean kontzentratu zen. Ez luzaroan, bizpahiru minuturen buruan, erretrobisorea zainduz, intermitenteaz ezkerretara hartzeko asmoa adierazi baitzuen. Adierazi bezala egin zuen eta, “iritsi gaituk” esanez, Endarlatzako elektrika ondoko baserri aurrean aparkatu zuen, gau eta egun piztuta egoten zen erreflektorearen argipean.
Motorrik itzali gabe, eserlekuan behera irristatzen utzi zion gorputzari, sabaira so geratzeraino. “Noizbait sortuko duk sabela betetzeko gonbitari uko egingo dion sagu inteligentea. Beldurra kaka arrastoz izenpetuko ez duena”. Ortiz de Zarateren itaunak ez zuen isildu. “Inteligentea edo ausarta, edo besterik gabe duina” jarraitu zuen.
Ortiz de Zaratek eserlekuen tartetik atera zuen burua bigarren aldiz, “zer egiten dugu hemen?” galdetzerakoan. Zakarkeriarik gabe galdetu zuen, umiltasunez ia, jakinminez.
—Esan, zer egiten dugu hemen?
Iñaki Abaituak ez zion erantzun. Motorra itzali ondoren autotik irten eta ibairantz ibiltzen hasi zen, atea zabalik utzita. Uraren murmurra zuten lagun, noizbehinkako autoen haize buhadak hausten zuela. Eta elektrikaren durundioa. Belaunetaraino uretan sartuta, jarraitzeko seinalea egiten zion besoaz.
Ortiz de Zarate hurbildu egin zitzaion, baina inork atzeman baino lehen itzularazi eta autoan sartzeko asmoz, dudarik gabe, erabat ezinezkoa baita paraje hartan muga pasatzeko aukerarik sumatzea. Teoriaz bai, noski, bazegoen hori pentsatzea, poliziak ere uste bera baitzuen, nekez burura zekiokeela inori handik pasatzea, alegia, eta horregatik ez zegoen zaingo handirik alderdi hartan. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario