2011-03-18

440. pasartea

Bestaldetik harri hotsa zetorkion, norbait uretatik lehorrera igotzen ari zela adierazten ziona, baina ez zen jiratu berak uste bezala Ortiz de Zarate ote zen egiaztatzeko. Bizpahiru pauso eman zituen, eta jiratu egin zen atzetik zituenenganako distantzia neurtzeko. Atzeraka jarraitu zuen gero, aurpegia linternen argiari eskainiz. Oinak lehorrean finkatu zituenean eskuineko eskua jakaren barneko patrikan sartu zuen Mont Blanc beltz urrez apaindua ateratzeko, eta besoa luzatuz arma bat bailitzan aurreratu zuen argia zetorkion aldera. Bi tiro entzuteko denbora izan zuen, bi hots lehor. Pizti hezlearen zartailuak pistan egin ohi duenaren antzekoak iruditu zitzaizkion, ibai ertzeko belardian jausi baino lehen.
Ondorengo beste hirurak lurrean entzun zituen, eta beste bat gehiago, ehiza-zakurren antzera airea usnatuz Txingudiko kresalaren urrina sumatu nahian burua altxatu zuenean.
Bazekien itsasontzi urdin eta berdeak nagiro kulunkatuko zirela marea beheran, brankaz itsaso irekia seinalatuz. Julia badiari so imajinatu zuen, salako leihoaren kontra, ezpain moreetan loratzen zitzaion itzal ilun harekin, bere mezuaren zentzua interpretatu nahian.
Beste tiro batek buru jadanik odoleztatua alborarazi zion, eta artean badiaren bila jasotzeko kemena izan zuen, behinbetiko lurrera erortzen utzi baino lehen. Artean luzaroan usaindu zuen udaberriko lur bustiaren urrina, ñabardura bakoitza dastatuz, laster batuko zitzaion materiaren formula kimikoa deskonposatu ahal bailuen. Uraren murmurra entzuten zuen, sirena urrunen aienea, eta gerturatzen ari zitzaienen ahots oraindik urdurien oihartzuna.

No hay comentarios:

Publicar un comentario