Erretrobisorera begira hitz egin zion, “hobe etzaten bahaiz”. Martxarik aldatu gabe, motorra zarata bizian azeleratu, ilaratik irten eta, goardia zibilen postura iritsi baino ehun bat metro lehenago, eskuinaldeko bidera abiatu zen. Ispilutik, goardia zibil bat ikusi zuen bidera irtenda, eskuin eskuaz lepotik zeraman metrailetari eusten eta beste eskua airean zabalik, gelditzeko keinua eginez, eta autoaren atzealdean Ortiz de Zarateren burua, kontuz altxatuta, leihatilatik begiratu nahian hura ere.
Nafarroako bidea hartu zuten, eta handik kilometro erdira, ezkerrean zegoen harrobi abandonatu baten bide harritsuan sartu ziren. Tableroaren argi urdinek zorroztu egiten zioten aurpegia. Eserlekuan jiratu zen.
—Beldur al haiz?
Ez zuen erantzunik jaso, edo zehatzago esan, ez zion erantzuteko astirik eman, berak jarraitu baitzuen, Ortiz de Zarateri hitzik sartzeko tarterik utzi gabe.
Ikarari buruz hitz egin zuen, emoziorik gabe, irakasle batek erabiliko zukeen zehaztasun eta urruntasunez. Adrenalina aipatu zuen, eta noradrenalinarekin duen aldea, eta ikararen funtzio fisiologikoa. Azala iheserako irristagarri bihurtzea, odol-isuria eragozten duen tentsio jaistea. Eta hesteak libratzeko gogo eutsiezina, etsaia kiratsaren bidez uxatzeko, beharbada. Ba al zekien? Berriro ere jarlekuan erabat jiratzen zelarik, bideaz ahaztuta bezala. Pozik zirudien.
—Laborategietan ikararen fisiologia ikertzeko arratoiak erabiltzen dituztenean, kakapilen arabera neurtzen ditek. Zer iruditzen zaik?
No hay comentarios:
Publicar un comentario