Ez zuten ia hitzik gurutzatu bidean. Atzean esertzeko agindu zion, eta Ortiz de Zaratek obeditu egin zuen, artean ere serio ari zenik erabat sinetsi gabe. Hurrengo agindua, berak esandakoan eserlekuan etzatekoa izan zen. “Nik esandakoan, hobe etzaten bahaiz”. Eduardo Ortiz de Zaratek ez zuen galderarik egin. Donostiako bariantetik autopista hartu eta Behobiara jo zuten.
Goardia zibilen postura iristeko zeuden. Aurrean 300 bat metroko ilara zuten. Iñaki Abaituak leihotik atera zuen burua, aurrean zituen autoek oztopo egiten baitzioten postuan gertatzen zena ikusteko. Lepotik zintzilik metraileta bana zeramaten bi goardia zibil ikusi zituen, eta beste hirugarren bat auto zuri baten leihatilara makurturik. Burua atzera auto barrura sartu zuenean, aurretik zuten autoaren aitzinean zen hil-furgoia begiztatu zuen. Kolore beltzekoa zen, eta kristalezko leiho handietatik krabelin zuri eta gorriz egindako bi koroa zeramatzan barnean. Xingola morez apaindurik zeuden, eta xingoletan letra beltzez idatzita zegoena irakurtzen ahalegindu zen, alferrik.
Une hartan, Coll del Portelleko aldapa hura gainditzeko eragozpenak zituen hil-furgoia gogoratu zitzaion Iñaki Abaituari. Taberna hartako hormaren kontra jarrita, Ortiz de Zarate “muga pasatu behar dut” esanez. Berak eskuartean zuen erlojuari begira, Ortiz de Zaratek “horregatik zaintzen dut ordua” esan baino lehen. Eta gero, krokodilo larruzko uhala lotu ondoren besoa luzatuta, eskuturrean zer itxura egiten zion ikusteko bezala. “Ederra da, itzuliko dizut egunen batean” esan eta argiaren kontra beso bat altxatuta agurtu eta desagertzen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario