Abel Osak ere artikulu bat eskainiko zion, “Idazlearen arma” izenburukoa, zeinetan, Ernesto Guevarak metrailetaren eta sendagile maletinaren artean aukeratu beharra izan zuenean bezala, aukera zuzena egin beharraz mintzatu baitzen.
Fitxa “muga” hitzari zegokion. “Muga. iz. (1627). Zerbait amaitzen den tokia edo unea. Zu zara guztien hasiera, iturburua, iraupena eta muga”. Hala suertatu zen, edo hala nahi izan zuen, beharbada. Lumari tapa kendu zion. Ez zuen erabiltzen, lodi idazten zuelako eta, espazio zuriaren gainean hitz ezinezkoen zain, errazegi lehortzen zitzaiolako. Bazekien ez zuela deus idatziko, azken uneraino erabakirik hartu nahi izan ez bazuen ere. Hala ere, momentu bat itxaron zezan eskatu zion Eduardo Ortiz de Zarateri. Beharbada, paper aurrean jartzearen zorabioa sentitu besterik ez zuen nahi. Daniel Zabalegik, ataka hartan imajinatu zuenetan, hain gogoko zitzaion despedida formula hura –“ez adiorik”– idazteko saioan, sentitzen zuena zein neurritan zen benetakoa egiaztatu nahian.
Une batez, esku zabaldua folio laurdenaren gainean jarrita eduki zuen, paperaren leuntasuna sentitzeko bezala, edo hatzen marka utzi nahian apika. Ez zuen lerrorik idatzi. Bere Mont Blanc Meisterstuck 149ari tapoia kendu eta folio laurdenaren beheko partean, erditik eskuinaldera, izen-abizenez sinatu zuen. Gero lau zatitan tolestu zuen, ertzak ongi zapalduz. Hori izan zen mahai gainean aurkitu zuten guztia.
—Goazen —esan zion Ortiz de Zarateri, eta luma jakaren barne-patrikan gorde zuen, magnolia orriaren ondoan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario