2011-03-22

434. pasartea

“Era un amanecer gris, húmedo y triste. Un día más del invierno en Inglaterra”. Loretta Sheridan zilarrezko esku-ispiluaren aurrean, laster gorpu baten ezpainak izango diren ezpain hotzak azken aldiz pintatzeko lanean.
—Perdóneme, padre, este último acto de coquetería.
Ortiz de Zarate aurrean jarri zitzaion, tente, meza nagusira joan aurretik amaren oniritzia jaso beharko lukeen ume bat bezala. Bistan zen ez ziola sinesten inora zeramanik, eta are gutxiago muga pasatzera. Edo sinesten ez zuelakoa egiten zuen, txantxetan hartu nahian, zalantzaren itzala ezkutatu ezinik. Dena zen posible.
Gorbataren korapilo okerra zuzendu zion. Gero, pauso bat eman zuen atzera. “Hi ere oso dotore hago”. Galtzak, urdinak, motzegiak ziren, eta agerian zituen galtzerdiak. Berari kendutako galtzerdiak, iruditu zitzaion. Bazuten hamar urte, eta ez zituen erabiltzen, ez zegoelako haien goroldio-berdeari egokituko zitzaion galtzarik. Gogoan zuen saldu zizkion dendaria. Zehazkiago, hark esan ziona zuen gogoan, “banekien hauek erosiko zenituela”, eta bera ez zen ausartu galdetzen ea zergatik zekien.
Eduardo Ortiz de Zarate ate ondoan zegoen, eskua kisketan jada, irteteko prest, irribarretsu, erronkari. Une bat itxaroteko eskatu zion. Ondo pentsatua zuen momentu hartan zer egingo zuen. Mahai aurrean eseri zen. Fitxa bat eta luma hartu zituen. Mont Blanc beltz urrez dotoretua, sinatzeko bakarrik erabiltzen zuena. Meisterstuck 149 bat, berrogeita zortzi ordu geroago, Ion Igartuak, “hunkigarritasun nabarmenez” —halaxe jaso zuten kazetariek—, eskuartean erabiliko zuen luma bera, “borroka moduarekin ados ez egon arren, bizia ideia baten alde eman dutenei zor zaien, eta intelektual abertzale batek merezi duen gorazarrea egiteko” deituriko prentsaurrekoan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario