2011-03-22

433. pasartea

Mirakruz kaleko delicatessen dendan izokin ketua eta brut erreserba dotore bat erosi zituen. Berak ez zuen ezpainik busti. Ortiz de Zarateri atera eta ondoan eseri zen, arretaz, haren beharrik ttikienari erne, hustu bezain pronto kopa betetzeko, gehiago har zezan animatuz. “Oso ona, zergatik ez duk probatzen?” esan zion Ortiz de Zaratek, eta berak, ezin ulertuko zuelakoan, egia erantzun zion plazerrez. Ukalondoak mahai gainean finkatu eta, “arima ez eta, hesteak behintzat garbi eduki nahi nitizkek bidaia handirako” esan zion. Ortiz de Zaratek ulertu ez ziolakoa egin zuen, edo, besterik gabe, ez zuen ulertu. Nolanahi ere, tresnak platerean utzi, eta platera mahai erdira bultzatu zuen. “Oso ona dago” esan zuen gero.
Iñaki Abaitua dutxan sartu zen berriro. Justifikatzeko, trafikoa aipatu zuen, eta izerdi-patsetan zegoela. Arreta handiz garbitu ondoren, lavanda leun bat eman zuen. Zetazko alkandora urdina eta kolore berdintsuko gorbata, zertxobait ilunagoagoa, aukeratu zituen. “Ezkontza batera hoala zirudik” esan zion Ortiz de Zaratek, salan agertu zenean. Beste alkandora eta gorbata bat aukeratu, eta eskuetan jarri zizkion. “Goazen lekura joateko, hobe hi ere dotore janzten bahaiz”. Loretta Sheridan kartzelako patiora irteten imajinatu zuen. Bere nerabezaroan heriotzaren ideia —ezpain marmolezkoak, odol hari bat dariela, ederrago egiten dituen heriotza erromantikoaren ideia— mamitu zuen espioi merkea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario