2011-03-22

432. pasartea

Hamar arte kontatu zuen. Hamar arte kontatu eta joan egingo zen. Epe hori ematen zion bere buruari atsegin ez zitzaion zerbait gogoz kontra egin behar izaten zuenean. Hamar arte eta alde. Zortziak eta bi minutu ziren. Emakumeak “zortziak baino lehenago ez da etorriko” esana zion, eta gero ea mezurik utzi nahi zuen. Iñaki Abaituak eztarria argitu zuen. Oso astiro hitz egin zuen gero. “Esan Juliari Iñaki Abaituak deitu duela”. Errepikatu egin zuen, “Iñaki Abaituak deitu duela”, emakumea esaten zionaren garrantziaz jabe zedin, “eta ez duela mezurik utzi nahi izan”. Eta pausa labur baten ondoren, “besterik ez”. Emakumearen ahotsean dezepzioa nabari zen. “Deitu duela eta ez duela mezurik utzi”. Hori esango zuen handik egun batzuetara, Iñaki Abaituak zazpi-zazpietan deitu zuela, ziur zegoela horretaz, zeren eta, mezua hartzen ari zenean —hari mezu deitzerik bazegoen— parrokiako kanpaiek jo zutela, eta berak umetatik zuen kanpai hotsak kontatzeko ohitura.
Zortziak eta hiru minutuan hamar arte kontatu zuen berriro, Juliak hainbat aldiz minutu bat gehiago gera zedin erregutu izan zion leku hartatik alde egin ezinik. Artean segundo batzuk egin zituen magnoliaren aurrean. Samurki jo zuen enborra, eskua zabalik, ezer esan beharrik ez duen lagun bati egiten zaion bezala. Makurtu eta orri jausi bat jaso zuen gero, alde batetik berde iluna, okrea bestetik, eta jakaren barne-patrikan sartu zuen. Atalaurretik atera zenean Hendaiako farolak piztu gabe zeuden artean.
Gainerakoa jakina da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario