2011-03-22

431. pasartea

Erabat apal sentitzen da, ordea, bihotza ulergaitza zaion naretasunez gainezka, inguruneak darion bakeaz kutsaturik bezala. Begiak ixten ditu sentsazio hori hobeto dastatzeko, eta irribarrea lerratzen zaio ezpainetara gogoratuz nola, Julia iraindu nahian, Txingudiko bista gaitzesten zuen. “Konbentzionala” esaten zion, “akuarela txar bat” —“Fuenterrabía es como un cromo en la tapa de España” irakurriko zion Unamunori gero—, pastel merke amaneratua. Eta hark “ba niri atsegin zait” erantzun ohi zion, umil, konbentzitzeko asmorik gabe, eta besoak luzatu zizkion ondora hurbil zekion eskatuz, pinturari buruzko diskurtso astunari jaramonik egin gabe, haur temati baten haserrealdia zelakoan, irribarrez. Ezpain ilunen doi zimur batez lortzen zuen irribarre triste hura.
Begiak zabaldu dituenean ordua begiratu du zintzarrien durundi umila duen kanpai hots urrunaren eraginez. Kanpai hots geldia da, nagia, uhinen kadentziaren antzekoa, eta soinu ahitua airean kulunkatzen da, luzaroan, haizearen norabidea ezin asmatuko lukeen hosto jaregin berria bezala.
Eta Biriatuko elizakoak izan zitezen nahi luke, Unamunok, hirurogei urte lehenago, neskatoen ahots hezeen kanta lagun —“un coro de muchachas con su voz indecisa, de un verdor agridulce, cantaba, en vascuence, en eusquera”—, begiak malkotan entzun zituenak. Zortziak ziren, eta Hondarribiko parrokiakoak biribiltasun ozenez jo zituen jarraian. Alde egin behar zuen. Emakumeak esan zion Julia ez zela zortziak arte itzuliko, baina edozein momentutan azal zitekeen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario