2011-03-22

430. pasartea

Uhinek Kofradiako eskailerak miazkatzen dituzte nagiro, eta atzera egitean berriro ere agerian uzten dute goroldioa. Begiak ixten ditu itsasbeheraren urrina sakonago hausnartu nahian, eta ezin du ebitatu bihotza itsasoaren kadentzia geldoak kutsaturik sentitzea. Bihotza marea beheran. Poema galduen bertso bakanak, memorian naufragioaren hondakinak bezala azaleratzen direla. Bihotza marea beheran. Betidanik izan du barrendik husten delako sentsazio malenkoniatsua itsasoa behean ikustean. Joanean joaten uzteko gogoa. Horregatik, aitortu behar luke, egiatzat jo izan du marinelak marea beheran hiltzen direlako uste zentzugabea.
Gogoan du nola, umetan, amari heriotzaz galdetu zionean, hark “begiak betiko ixtea” erantzun zion. Eta behin amonaren etxean begiak itxita iraun zuen egun osoa. Lagun batek hura itsutzea zela esan zion, ordea, ez hiltzea. “Hiltzea begiak zabalik geratzea da” esan zuen, “oso zabalik, izuak hartuta bezala”. Hark irakatsi zion heriotza sentitzen.
Hura gomutan, bistaz inguratzen du berriro bere aurrean zabaltzen den paisaia, Hendaiako Kasinoa, portua, txorien uhartea, aireportuko pista kai bat bezala badian barneratzen. Batetik bestera aldatzen ditu begiak, behin eta berriz, haurtzaroan bezala, gauez ohean, bista gelako objektuetan pausatzen zuenean. Gero eta azkarrago mugitzen zituen begiak, batetik bestera, ordena aldatuz, arrotz bihurtzen zitzaizkion arte, eta azkenean heriotzaren zorabioa sentitzen zuen. Daniel Zabalegiri egotzi ziona bezalako zorabioa, “ale, vamos” esan ziotenean, azken begiradarentzat euskarririk ez zuela, angustiak menderaturik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario