2011-03-22

429. pasartea

Behin, atalaurrean zeudela, magnoliaren ondoan, Juliak, zerura begira, izar hautsa garela esan zuen jolasean. Haren besoetatik deserantsi eta burdinazko atera urrundu zen. “Et pourtant vous serez semblable à cette ordure”. Mozkortuta egon baino gehiago, mozkorrarena egiten ari zen, nahi zuena askatasunez esateko eta egiteko, hain zuzen.
Eskua kokospean zabalik kokatu eta, ezpainak bilduta putz eginez, musua igorri zion. “It´s Baudelaire’s time, my darling. Etoile de mes yeux, soleil de ma nature”. Eta alde egin zuen, Julia atalaurrean utzita, magnolia ondoan, Hendaiako argiei begira.
Azkenean, baineratik irten eta albornoza jantzi zuen. Eduardo Ortiz de Zarate ohe ertzean eserita zegoen, eskuak belaunburetan zituela. Lehen aldiz, ezindua iruditu zitzaion. Baina ez zuen penarik sentitu.
“Zerbait ekarriko diat bazkaltzeko”, eta ez zuen gehiago hitz egin, harik eta, jantzi ondoren, kaleko atetik jada, “arratserako prestatua izango diat guztia”, esan zion arte.
Zutik dago Juliaren etxe ondoan, atalaurre txikia ixten duen pretil gainean bermaturik, badiari so. Badiaren urazal altzairu-kolorea, eguzkiaren azken printzek Hendaia aldean urre leunez tindatua.
Noizbait maitatzea erabaki zuen paisaia. Begira dago, ordu gutxi barru, eguzkia Jaizkibel atzean erabat ezkutatuko denean, gorpua lurraren osagai onartuko dion ingurune hartan zerbait bilatu nahi bailuen.
Amaia da, beraz.
Terralarekin zabalduz doan laino zuriak kentzen dio Bidasoako kolore oparoen ikuskizuna. Badaki aurki Hendaian Kasinoko argiak piztuko direla, eta badaki, halaber, hondartzara daramaten arkupeetan neon gorri-berde biziak alferrik ahaleginduko direla ibiltari bakanei alaitasun mezua adierazten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario