Iñaki Abaituak isurbidea itxi zuen, bere buruari bainu eder baten plazerra emateko asmoz. Indarrez igurtzi zuen gorputza, arretaz garbituz, hilda eta biluzik maneiatuko zutenean ahalik eta itxurosoen aurki zezaten.
—Je serais un grand mort —esan zion ispiluari.
Pozik zegoen ia. Ur beroak lasaiturik, gaupasetan kontatzen zituen ipuin aldrebesak zetozkion gogora. Hitzez hitz errepikatu ohi zituen, umetan ikasiak balira bezala.
Gehienetan kontatzen zuena bere buruaz beste egin nahi zuen dohakabe batena zen: zeremonia eta tramiteak saihesteko, hilobi ondoan jotzen dio tiroa bere buruari. Esan bezala, beti hitz berak erabiliz, pausak hitz beretan tartekatuz, deskribatzen zuen gorpu miserablearen patu administratiboa, eguzkipean epailearen zain manta latz marroi batez estalita, poliziak aztertua, institutu anatomikora garraiatua, forensearen eskalpeloak ebakia, etxera igorria, emazte gorrotatuaren eskuz beztitua —”quando vivero ingrata devovi a me pensar / Lascia che l’ombre ignude godansi pace almen” kantatzen zuen mozkor ahots urratuz pasarte horretan—, bizirik zegoenean ozta-ozta agurtzen zuten ahaide urrunekoek laztandua, berriro ere trafiko ugari eta nahasiaren zaratapean kanposantura igorria, ezpain ertzetan lerde berde baten arrastoa erakusten hasia zenean jada.
Besoa luzatu ohi zuen, ezkerreko besoa, bestearen eskuko hatz batez hura seinalatzen zuelarik, “hau ur berde bihurtuko dela jakitea da gure kondenazioa” esateko. Juliak, magnolia ondoan, gauza haietaz ez hitz egiteko esaten zion, besoak zabaldu eta gerritik heltzen ziola.
No hay comentarios:
Publicar un comentario