2011-03-22

427. pasartea

Iñaki Abaituak ez zion erantzun. Atzetik burusoil geratzen ari zela ikusi zuen. Adats luze eta nahasiak buru inguruan kapela baten hegal hutsa, gainekorik gabe, zeramalako itxura ematen zion. Bistan zen ondo gidatzearena maltzurkeriaz zioela, zentzu bikoitzez.
“Zer bizimodu darama?” errepikatu zuen, baina berak ez zion erantzun. Albornoza jantzi zuen. Beti ahalegindu zen bere aurrean biluzik ez agertzen, hark alderantzizko joera bazuen ere. Askotan larru bizian gimnasia egiten hasten zen gela erdian, flexioak batez ere. Sarritan zigarroa ezpainetatik kendu gabe egin ohi zuen taula osoa.
Jadanik dutxa azpian zegoen erantzun zionean.
—Nik bazekiat nola pasatu bestaldera —esan zion ozenki, ur hotsa gainditzeko baino gehiago, urduritasuna menderatzeko. Eta hitz egin ondoren harritu egin zen bere adoreagatik, egingo zuena egiteko erabakia deliberamendu osoz hartu zuelako. Argi eta garbi, ezbairik gabe. “Nirekin etortzen ausartzen bahaiz”, biribildu zion desafioa.
Ez zuen erantzunik jaso eta, badaezpada, entzuten ziola ziurtatzeko, dutxa itxi zuen eskaintza berritu baino lehen.
—Esan diat badakidala nola pasatu bestaldera.
Alferrik altxatu zuen ahotsa, Ortiz de Zarate bainuko atearen kontra baitzegoen.
—Ondo, ondo, entzun diat —esan zuen, irribarretsu eta zalantzaz, serio hartu nahi gabe bezala. Baina gutxi iraun zuen irribarrez; Iñaki Abaituak, berriro urari emanez, “ba onena, gaur bertan” esan zuen arte. Orduan berak, “ondo” erantzun zuen, ahots sakonez, “ondo” besterik ez, bainugelako atea bere atzetik itxi baino lehen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario