Iñaki Abaitua ohetik altxatu zen. Zangoak ahul sentitzen zituen. Bristaciclina flaskoa eskuratuz, bi pilula sartu zituen ahoan. Gero bainugelara joan zen ur bila.
—Noiz arte pentsatzen duk gelditzea? —esan zuen han gordeta. Lehen aldia zen galdera hura zuzenean egitera ausartzen zela, eta erantzunaren zain geratu zen, ispiluari so, konketan bermatua. Aurpegia zargaildua zuen, ezpainak pitzatuak, begiak gorri. Eta Eduardo Ortiz de Zarate ez zen konturatu, ez zion gaixorik zegoenik galdetu behintzat.
—Ez hadi kezkatu, motel, lagun guztiak dauzkak boterean —entzun zuen azkenean. Irten egin zen. Irten zenean zuzen begiratu zion, eta galdera errepikatu zuen, hitzez hitz, bista aldendu gabe.
—Noiz arte pentsatzen duk hemen gelditzea?
Elastikoa lepotik behera esekiz, neurria hartzeko itxura egin zuen berriro. Lehenbizi bi besoak sartu ohi zituen elastikoaren mauketan, eta burua gero. Artean burua elastiko barruan estalia zuen erantzun zionean.
—Ez zekiat, bestaldera pasatzeko modua egin arte —eta burua trufa egin nahian bezala elastikoaren lepotik azalduz—, ea hura bezalako beste bidaia atsegin bat prestatzen didaan.
Gogoz egiten zuen barre, ahoa erabat zabalduz, baina algara eztarrian geratzen zitzaion trabatuta, eta guztiz more jartzen zitzaion bekokia goitik behera gurutzatzen zion ebatondoa. Arnasa bere onera etorritakoan, “neska ez zegoan gaizki” jarraitu zuen, “tentel samarra nire gusturako, baina ondo gidatzen zian. Zer bizimodu darama?”
No hay comentarios:
Publicar un comentario