—Hozkailuan ez dago ezer.
Zakar erantzun zion, ez zuela besteetan bezala dendara jaisteko asmorik.
—Egongo da zerbait.
Eskua gerriondoan sartu eta pistola atera zuen. Lehen aldiz ikusten zion, betidanik jakin bazuen ere —egiten zituen keinuengatik: alboratzekoa esertzerakoan; gerrian finkatzekoa, altxatzerakoan— armaturik ibili ohi zela.
Zapi bat eskuratu eta arreta handiz ekin zion hura garbitzeari, eta amaitu zuenean, zapian bildu zuen kontu handiz. Gau-mahai gainean utzi zuen gero. Bederatzi luzeko Star bat zen, hamabi balakoa, poliziak erabiltzen dituenetakoa. Behin esana zion gauza garrantzitsuak ez direla jakaren patriketan gorde behar, galtzetan baizik. Jakak, udan batez ere, erraz galtzen direlako. Hatz bat luzatu zion “ez ahaztu” esatean, “ahal den guztia galtzetan beti, potroak eta pipa batez ere”.
—Honezkero zabalduko zitiztean dendak.
Bistan zen erosketak egitera irteteko eskatzen ari zitzaiola.
—Ez zekiat. Ze ordu da?
Ez zuen ordurik. Makurturik zegoen komodako kaxoi irekiaren aurrean. Elastiko bat atera eta destolestatu egin zuen, eta gorputz aurrean ezarri zuen neurria probatzeko. Iñaki Abaitua ohean eseri zen interesak hartuta. “Trebea haiz erlojuak galtzen” esan zion, intentzio txarrik ezkutatu gabe.
Hark ez zuen gaizki hartu, ordea; irribarretsu biratu zen. “Badakik? Hirea lapurtu egin zidatean, Miarritzen, leku dotorean. Derrigorrez ona izan behar zian”. Gero, isilune baten ondoren, “laurak izango dituk” esan zuen azkenean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario