2011-03-22

424. pasartea

Zahartua zirudien. Iharrago zegoen, ilea urdindu eta bakanduta. Luzeagoa ere bai. Irribarretsu geratu zitzaion so, deus esan gabe. Berak ere ez zion deus esan. Gabardina-oihalezko kazadora erantsi zuen, eta azpian zeraman artilezko jertse lepaluzea. Soinutsik geratu zen. Benda batek ezkerreko besaburua estaltzen zion eta ez zirudien esku trebez lotua. Odol orbanak ageri zituen, edo merkrominarenak apika, baina ez zuen eragozpenik erakusten besoa mugitzean. Iñaki Abaituak ez zion galdetu ea zer gertatu zitzaion, eta hark ere ez zer zuen ohean egoteko. “Bainu eder bat lehenbizi, eta bazkari on bat gero”, horiexek izan ziren haren lehen hitzak. Ohean eseri zitzaion ondoren —alde batera egin behar izan zuen, zangoak azpian har ez ziezazkion— eta Juliaren argazkia hartu zuen gau-mahai gainetik.
Iñaki Abaituak gogoan zuen komodaren gainean erretratua aurkitu zueneko beste aldi hura. Markoa bi eskuetan hartu eta, besoak luzatuz, “horiek zurrupatzaile ezpainak” esan zuen. Bera sagar bat zuritzen ari zen orduan, eta gustura sartuko zion eskuetan zuen labana. Oraingoan luzaroan egon zitzaion argazkiari so, isilik.
Berriro ere gau-mahai gainean utzi zuen deus esan gabe, eta haren ondoan beste gauzak, galtzetatik atera ahala: giltzak, dirua, plastikozko agenda bat, tabakoa eta botika flasko bat.
Antibiotikoen flaskoa gau-mahai gainean utzi aurretik, airean bota zuen esku batez ia sabaia jotzeraino, berriz ere bestearekin hartzeko. Bristaciclina flasko bat zen. “Pour les blesures d’amour et de guerre” esan zuen maltzur flaskoa uztean, eta gero, pausarik gabe, ongi jan beharra zeukala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario