Gizonak “utzi niri erantzuten” zioen, eta Ortiz de Zarateren aurpegi iluna zuen, haren ile kiribiltsua, alanbre korapilatua bezalakoa, eta bekokia gurutzatzen zion ebatondo ubela. “Ikusiko duzu” zioen, eta Juliak, ardura handirik gabe ohean buelta hartuz, “utzi horri”, edo “utziozu bakean” erantzuten zion. Baina besteak telefonoa hartu eta “babo alena azken aldia” eta abar esaten zion, eta barre egiten zuen, eztarrian trabatzen zitzaion algara harekin, aurpegia erabat gorrituta itokarrean jarriz.
Besarkatu egiten ziren gero. Juliari ilea trabatzen zaio erlojuarekin, urrezko omega zaharrarekin alegia, eta alferrik dira askatzeko ahaleginak. Kentzeko eskatzen dio, eta bi eskuez errazago deskorapilatuko duela. Azkenean lortzen du libratzea. “Ederra da”, dio Juliak. Eta Eduardo Ortiz de Zaratek eskuturrean jartzen dio, “zuretzat, nitaz oroit zaitezen”. Eta barre egiten du, eztarrian lehertzen zaion algara bortitzaz.
Ez dago jakiterik nola asmatu zuen ikusi egingo zuela. Igogailua entzun zuenerako jakin zuen bera zela. Kaobazko kabina zaharraren ateak batere konturik gabe ixteko moduagatik akaso. Gero, ate ondoan sumatu zuen, barneko mugimenduen zelatan. Txirrina jo zuenean ez zion ireki. Arnasari eutsiz iraun zuen ohean, mugitu gabe, baina hark ere, zerbait sumatuz, ez zuen zabaltzen. Luze egin zitzaion giltza sarrailan entzun arteko denbora. Salan zehar, adi, usnaka zetorrela iruditu zitzaion, oso poliki, eta azkenean, gelako atean, bere altuera baino beherago agertu zuen burua, makurturik bailegoen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario