2011-03-22

422. pasartea

Belauniko, liburua esku batean, eta betaurrekoak eta kafe kikara liburuaren gainean zituela, ordularia hartzeko luzatu zuen esku librea. Ezagutu zuenean, mugimendua eten zuen, ordea, urrezko omega zaharra ukitzeko beldurrez bezala.
Gero, liburua, betaurrekoak eta kafe kikara lurrean utzi, eta bi eskuez hartu zuen. Ortiz de Zaratek aldatutako nylonezko uhal itsusia zuen artean. Itsua bailitzan, hatz batez ferekatu zuen, ezin ikus zitzakeen letra ahaztu gabeak —oyster perpetual 15 jewles swiss made— irakurriz bezala, eta gero kuerda eman zion, aitarengandik ikasia zuen bezala, koroa atzera eta aurrera mugituz.
Besaulkian eserita geratu zen, haren esfera zurian denboraren joana zaintzen, goizeko zortziak puntuan zirela —Hendaiako farolak pizturik zeuden artean, gaupasaren aztarna zimel bat airean— Juliari etxeko lanak egiten laguntzen zion emakumeak atea zabaldu zuen arte.
Ordubete geroago bere etxekoa zabaldu zuen. Amari deitzea egin zuen lehenbiziko gauza. Bartzelonara zihoala eta bitartean etxea kanpotar batzuei utziko ziela esateko, hartara hura, ohi zuen bezala, “gauzei, gainetik behintzat, astindutxo bat ematera” ager ez zedin. Eseki ondoren du­txan sartu zen, azken boladan ohi zuen bezala, braslipik kendu gabe, ur beroari esker zorne itsatsiaz errazago libratzearren. Ohean sartu zen gero.
Bi egun egin zituen, ia altxatu ere egin gabe, erdi eldarniotan. Sukarrak barne-pertzepziorako ahalmena areagotzen zion. Begiak ixtea besterik ez zeukan, eta bere baitan hainbat aldiz berritutako eszena zetorkion gogora, berak nahi adina zehaztasunez hornitua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario