Oihu ikaragarri haren ondoren “Zigor, Zigor” esan zuen, bi aldiz, negar-zotinka. “Zigor, Zigor”, hara-hona, burua galduta bezala, zertan ari zen jakin gabe. Azkenean, gelatik zetorkion hotsak janzten ari zela adierazi zion Iñaki Abaituari. Takoi hotsa entzun zuen korridorean barrena, eta kanpoko burdinazko atearen kexa. Lurrean eserita geratu zen, txunditurik, arrosa ilun eta ubel argi bitarteko kolore distiratsuz tindaturiko zakil artean ere tenteari so, kontenplazio hartan harriturik, bere gorputz ahituaren bizi froga hura ezinezkoa irudituko bailitzaion.
Galtzak lotu zituen. Alkandorarekin gauza bera egiteko denborarik gabe, gabardina eskuetan hartu eta, kaleko aterantz abiatzera zihoanean, haurraren negarra entzun zuen. Duda egin zuen atzera itzuli ala ez. Istant batez ateko kisketari helduta egon ondoren, azkenean ireki egin zuen, Juliaren 4L gorriaren atzeko argiak eliz kantoian ezkerrerantz kale nagusitik norabide galarazian desagertzen ziren momentuan. Une batez atalaurre erdian zutik iraun zuen magnolia grandifloraren ondoan, eliza aldera so, motor azeleratuaren hotsa maldan behera ahitu zen arte. Gero jaka jantzi zuen.
Hendaia gaineko mendiak urdin zeuden, itsasoak udako egun batzuetan ohi duen argitasunaren eraginez. Oinetan hedatzen zitzaion lorategi ingelesetik ipurtargien hotsa zetorkion. Eskuak patriketan sartu zituen zigarro baten bila, alferrik, eta, alde egiteko asmoz, berriro ere itzultzeko zegoela, haurraren ahots kexatia entzun zuen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario