“Oroitzen? Heriotza zure irribarre eztiaren ausentzia da” esatera doala, telefonoaren tirrina entzuten dute. Biak geldi-geldi geratu dira, estatuak bailiran bibliotekaren zokoan, liburu pilo baten gainean dagoen aparatuari so. Harik eta Juliak mugimendu bat egiten duen arte, zirkin bat besterik ez, altxatu egin nahi duela adierazteko. Bigarren tirrina jotzen duenean. Iñaki Abaituak besoak altxatzen ditu, gurutzean, bidea libre utziz bezala, baina era berean ez dezala hartu erregutuz begiratzen diola. Hiru aldiz baino ez du jo. Hirugarrenaren ondoren, atezuan sentitzen du Julia, erne, ehiztaria bailitzan, eta goiko irratiaren jarduna nabarmenagotu egiten da isiltasunean. Hots ttikienaren zelatan, eta segundo batzuen buruan, hirugarren hori azkena izan dela etsitzen duenean, arintasun erabatekoz, guztiz altxatzera heldu gabe, gela gurutzatu eta, telefonoaren aurrean belauniko, burua aparatuaren gainean makurtuta geratzen da, eskuak izter artean gorderik, hura ukitzeko beldur bailitzan.
Iñaki Abaituak ez du deus egin Julia bere ondoan gordetzeko, belauniko geratu da bera ere, heldu ez den laugarren tirrinaren zain. Aparatua hartzen ikusten du, bi minutu luze igaro direnean jada. Zenbakia markatu, eta zain geratzen da gero. Sabelean nabari dio arnasa urduria. Oparoa du gorputza. Izterrak zabalak baina irmoak. Lehen ez zuen desira sentitzen du orpoen gainean eserita dakusanean, esku librearekin bekokia igurzten “ni naiz” esatean, “zerbait gertatu da”, hariaren bestaldean dagoenari “zerbait gertatu da” edo “gertatu zaio” esaten, bizpahiru aldiz, baina mila aldiz esan duela iruditzen zaio, eta azkenean, garrasi izugarri batez telefonoa lurrera erortzen utziz, sala gurutzatu eta korridorean desagertzen ikusten du, eskuak sabelpean, bere aurrean biluzik egoteaz ahalke bailitzan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario