2011-03-22

418. pasartea

Burua alboratu du ihesi. Alfonbra gainean betaurrekoak ikusten ditu, lehen planoan liburu zabaldua, azala gorantz. “Ez nekien betaurrekorik erabiltzen zenuenik” esaten dio, eskua luzatuz.
—Adinak ez du barkatzen.
Irakurtzeko behar omen ditu. Presbizia, dioenez.
Iñaki Abaituak eskua luzatzen du liburuaren bila. Kontrazalean Unamuno ageri da bere arrano soslaiarekin. Trabes egingo luke El espejo de la muerte baietz izan. Bizia jokatuko luke irakurtzen ari zen orria baietz izan Ramon Nonatok hurrengo udaberriko hostoak ikusiko ez dituela pentsatzen duen pasartea. Liburua eskuan, urrun eusten dio, ustea zehazteko unea berandutu nahirik. Berriro Juliaren eskua, hotza, izterrondoko erreduran sentitzean.
—Oroitzen?
Une hartara itzuli nahi luke, magnoliaren ondoan zeudeneko hartara. Aitonaren hitzak aipatu zituenean. Ea oroitzen zen galdetzen dio. “Oroitzen?”
Baina Juliak isiltzeko esaten dio. Agindu egiten dio, hatz erakuslea ezpainetan zut jarriz. “Ixo, mors ipsa”. Begietara so, erlojua eskuturretik kentzen duelarik. Eskuak garbitzera balihoa bezala, edo orduaz desjabetu nahi bailuen.
Era askotara ulertzea legoke zeinu hori. Esaterako, ez duela erloju harekin zauritu nahi. Baina nolanahi ere, hura kentzerakoan erabateko seriotasunez begiratzen dio, eta astiro egiten du hori ere, arreta handiz, lurrean lagatzeko gero.
Beste garai batean barre-algararen aitzindari izango litzatekeen seriotasunez. “Ez gaude mezetan, larrutan ari gara” esango ziokeen orduan, eta barrez hasiko ziren. Baina ez da gai, Julia aldaka altxatu eta zakilaz jabetu ondoren ezpainen hezedura lortu nahian dakusala, gogoa zerk iluntzen dion galdetzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario