Goiko solairuan nabarmena da orain musika hotsa. Alderdi Jeltzalearen hauteskunde leloa: “vota vota pnv gana Euskadi ganas tú”. Ion Igartua dakarkio gogora. Ez du betetzen ea aspaldian ikusi al duen galdetzeko asmoa. Zer egin ez dakiela, gorputza altxatzen du, horretarako ukalondoetan finkatuz. Juliak zutik dirau. Eskuak gurutzatzen ditu pubis aurrean, bere begiradari estaliz, astiro hori ere, lotsaz baino gehiago, legezkoa irudituko bailitzaion. Babesgabeago dirudi. Eskuak pubis gainetik kendu gabe, gerri gainean zaldika jartzen zaio, eta ez ditu handik kentzen bereei, besarkatu nahi duenean, eragozteko baizik.
—Ez.
Apalki eskatzen dio ez ukitzeko. Eskuetatik indarrez hartu du eragozterakoan, ordea.
Iñaki Abaitua erabat etzanda geratzen da berriro. Ez daki zer egin, eta eskuak buru gainetik altxatzen ditu, barrez, preso egoera onartzen duela adierazteko.
Ea zeri egiten dion barre.
Ea zerk eragiten dion barrea galdezka entzuten duenean, eutsiezina gertatzen zaio algara. Beharbada, bere pertsonatik iraungo duen guztia gonokoko batzuk izango direla pentsatzen du, aluari erantsiak, amodioaren fortunaz han eta hemen hedatuko direnak. Une batez barrearen arrazoi benetakoa jakinaraztekotan egon bada ere, azkenean, “ez dakit, bat-batean barre egiteko gogo zoro bat”, eta begietara so geratzen zaio. Hezeak dira oraindik.
—Dena den, nahiago zaitut barrez, latinkada ikaragarri haiek esaka baino. Nola zen hura, pompa mortis quam mors ipsa.
—pompa mortis magis terret quam mors ipsa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario