2011-03-22

416. pasartea

Hendaiako kostan farolak piztu dira. “Bederatziak” dio Juliak eta, zerbaitetarako ordua bailitzan, altxatu egiten da. Altxatu ondoren ez du deus egiten, ordea. Besoak zabaldu eta berriz erortzen uzten ditu, astun, zereginik eza azpimarratuz, hain zuzen. Zigarro bat piztu eta leihora hurbiltzen da gero.
Han, hatsez lurrindutako kristalean marrazten jarduten du. Esaten ausartuko ez litzatekeen zerbait idatziz akaso. Altxaturik zeukan besoa erortzen utzi du berriro ere, karga handi bat bailuen. “Badakizu? Duela urte batzuk zure ume bat eduki nahiko nukeen”. Gero, leihotik aldendu eta aurrean geratu zaio zutik, “orain ez” esateko. Zigarroa ezpainetara eraman du hatz txikiaren eta nagiaren artean, esku-zabalik, aurpegia estaliz.
Garrasi bat itotzen duela dirudi.
Zigarroa ahitu arte dirau zutik, hitz egin gabe, eta Iñaki Abaituak ere ez du hitz egiten. Zigarroa kikaran itzaltzeko makurtzen ikusten du. Zigarroa itzali ondoren berriro zutitzen denean, bistan da zerbait egiteko erabakia hartu duela. Begien distira nabari diezaioke, eta beso biluzien zuritasuna. Eskuak aldaka batera eramaten ditu, gona albotik askatzeko, gorputza, leunki, kontrako aldera makurtzen duela. Oinetan erortzen utzi eta, lehenbizi oin bat, gero bestea ateratzen du lurrean osatutako biribiletik. Astiro mugitzen da, nagiro, baina intentziorik gabe, bera bakarrik, bainera bete zain lasai biluzten ari balitz bezala. Iluntasunean nakarezkoak dirudite bernek, zuriegiak. Ez du eranzten gerrira iristen zaion blusa. Bi besoak gorputzaren alde banatara eroriak dituela geratu da, babesgabe. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario