2011-03-22

415. pasartea

Juliak otzanki obeditzen dio. Artilezko alfonbra zuriaren gainean belaunikatu da bera ere, hainbat alditan bezala. “Erekzio samur eta atsegin bat nahi dut” esan zion orduan. Eskuetatik heldu zion, beregana erakarriz, eta aldi berean atzera erortzen utzi zion gorputzari, etzanda gera­tzeraino. Goian pauso hots geldia entzuten zen, eta irrati baten oihartzuna, hutsa, metalezkoa.
Iñaki Abaitua belauniko dago orain, zakila taupaka, bihotza glandearen buruan edukiko bailuen. Badaki zitaltasun hori zorne-isuri oparoaren iragarpen dela, eta beldur da zorabiatuko ez ote den. Bi eskuak izter barrenetan kokatzen dizkio. Zakar. Gupidarik gabe. Alferrikako indarrez, Juliak otzantasunez obeditzen baitizkio aginduak.
—Ez zenuke hau egin behar —esaten dio Juliak, besterik ez. Eta hitz horien eraginez, Iñaki Abaitua haren gainetik aldendu eta ahozpez etzaten da lurrean.
Isilik diraute gero, luze, bata bestearen ondoan, alfonbra gainean etzanda, Iñaki Abaitua ahozpez, Julia ahoz gora, ilunabarraren altzairu kolorea bekokian. Mugitu gabe, deus esan gabe, zotin mutu batzuek bizkarra astiro astintzen dioten arte. Juliak, zeharka, esku zabaldua jartzen dio gainean, lasai dadin. “Ene gizajoa” eta antzeko hitzak xuxurlatuz. Lasaitzeko boterea duten hitzak. Iñaki Abaitua itzuli egiten da, solairuan ahoz gora bera ere. Zerbait esan du, gauari buruz. “Gau guztiak”.
—Zer esan duzu?
Ez duela ezer esan erantzuten dio ea zertaz ari den galdetzen dionean. Goiko irratia izango zela. Eta isilik diraute biek, bata bestearen ondoan, hizlariaren ahotsa ulertu nahian. Mundutik oso urrun baleude bezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario