—Zeri egiten diozu barre? —galdetzen dio Juliak.
—Mae Westen hartaz oroitu naiz.
Ezetz esaten dio, ez dakiela.
—Bai, “bistan da pozten zarela ni ikusita, gazte” esaten duenekoa —eta isildu egiten da, baietz, ezagutzen duela esan diezaion zain. Baina Juliak isilik dirau, eta nabari da oroitzapenak eragiten dion enbarazua. Ez du etsitzen, ordea. “Bai”, berriz, “gizonari egundoko paketea nabari zaiola, eta orduan berak..., baina badakizu”, berriz ere kontakizuna ebakiz, “zerorrek kontatu zenidan. Nire etxean agertu zinen hori kontatuz”.
Eskuturretatik hartu eta indar alferrikakoaz erakarri du. Gero, kokotsetik heldu eta burua altxarazi dio, eta berea makurtu du, “erekzioez hitz egiteko agertu zinen” esanez. Ahotsa urratua du, eta ezohiko ausarkeria hitzetan, galtza gainetik zakila hartuz “zuretzat dut gordea” esatean.
Erekzioaren eraginez oinaze zitala nabari du uretran zehar, orratz gori bat, giltzurrunetaraino sartzen zaiona. “Erekzio guztiak dira berdin”.
Beste garai bat zen. “Irribarreak leloak eta argiak izan daitezke, edo maltzurrak, tristeak eta ilunak. Baina ez dago erekzio mota bat besterik” esan zuen orduan. Eta Juliak hori ez zela horrela, irribarrez, ez zekiela ezer. “Ez dakizu ezer, badira erekzio alaiak eta tristeak, samurrak eta zakarrak” esan zuen orduan, irribarrez.
Oraingoan isilik dirau, begiak heze. Baina Iñaki Abaituak ez du gupidarik. Esku eroria hartzen dio, eta galtza barrenera gidatzen du. Eskuaren freskotasun gozoa sabel errean. Izerdi-patsetan dago, begiak dirdaitsu, sukarraren eraginez. Eskuak besagainetan kokatzen dizkio, zabalik, belaunikatzera behartuz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario