Esku bat besagainean jarri dio Juliak, salara itzularazi nahian bezala, baina berak erabat zabaldu du atea, eskurik gabe, oso poliki, oin punta erabiliz. Ohe ondoan plater batean kokaturiko kandela argien islak ikarati mugitzen dira hormetan, eta gakoetan lerroturiko jantziek helbiderik gabeko bidaiariak dirudite. Une batez arnas hotsa isildu egiten da, ziur asko lotan dagoenak, erdi oharkabean sumatu dituen pauso hotsen eraginez, jarrera aldatu duelako, baina berehala ekiten dio bere erritmo lasaiari. Gelan sartzera doa. Oheburuko koadroaren kristalean bere aurpegia dakusa islaturik.
—Haurra da —esaten dio Juliak, eta esku batetik heltzen dio orain, korridorerantz erakarriz.
Beren pausoek dardara eragiten diete portzelanazko objektuei, eta goiko solairuan ibilbide berdina egiten duen norbaitenak entzuten dira.
—Zenbat denbora —dio, zerbait esatearren, eta isildu egiten da gero, patrika bustietan zigarroren bat bilatzen duelarik.
—Bai, denbora asko.
Zigarro piztu bat jartzen dio ezpainetan, eta alkandoraren botoiak askatzeari ekiten dio.
—Blai zaude.
Jaka kentzen dio, eta sofa gainera botatzerakoan “blai zaude” errepikatzen du. Eta alkandora masailera eramaten du, hezetasuna egiaztatzeko, jakaren gainean erortzen utzi baino lehen.
Leihotik Hendaiako hondartza dakusa lainopean, grisa, uhinen apar zuriak urratua. Solairuan liburua eta betaurrekoak daude, eta kafe kikara. Egilea soslaiz ageri da erretratuan. “Betaurrekoak erabiltzen dituzu, hortaz” esatera doa, baina ideia zoro batek barrea eragiten dio.
No hay comentarios:
Publicar un comentario