Portzelanazko tresna zahar zurbilez inguraturik sentitu nahi zuen, barnegiro ilun eta zaharminduan abandonatzea, malenkoniaren gordeleku luzaro antsiatu hartan, non nabarmenak baitziren emakumearen eskua adierazten zuten xehetasunak: zapi bordatuak, portzelanazko panpinak eta kristalezko irudiak, hautsita asko, naufragio batetik salbaturiko oroitzapenen antzera. Artean aire hartan zegokeen, hain zuzen, naufragioetan galdu eta hondoraturiko maitasunez mintzo ziren kanten oihartzuna.
Pentsatu bezala gertatu zen. Atea ireki, alde batera egin, eta “zer moduz zaude?” galdetu zion Juliak. Gero, barnean, “zoraturik zaude”.
Deus esan gabe, korridorean aurrera egiten du, argizari urrina mendarenarekin nahasita darien ohol beltz zabaletan ur arrastoa utziz. Salan Julia etzanda egon ohi zen artilezko alfonbra zurian sakabanaturiko objektuak ikusten ditu, egunkariaren orriak, titulua ikusten ez dion liburua azala gora duela irekita, kafe kikara bat bere platertxoan, betaurrekoak eta hautsontzia. Leihoan, Hendaiako argien isla horia eta itsasontzien posiziokoak, gorriak eta berdeak. Zehazkaitza den zerbaitek giro baketsu eta erosoa ematen dio aditzera. Lurrera bueltatzen ditu begiak. Kafe kikarak bakardadea adierazten dio. Liburua erditik zabalduta dago, eta kontrazalean egilearen argazkia ageri du. Betaurrekoak arrotz egiten zaizkio.
“Betaurrekoak erabiltzen dituzu” esatea pentsatu badu ere, isilik geratzen da. Korridoreko atea zabaltzen du deus esan gabe. Isiltasuna erabatekoa da, eta arnasa hartze sakon eta geldi baten hotsak handiagotzen du. Aurrera jarraitzen du, hurrengo ateraino, eta geratu egiten da berriro ere, hotsa nondik datorren sumatu nahian.
No hay comentarios:
Publicar un comentario