2011-03-22

411. pasartea

Aukera bat zen, neurtu beharra izan zuena. Baina Julia bera ikustea bezainbat desiratzen zuen haren salako leihotik, hain zuzen ere une hartan, autoz, oso astiro gurutzatzen ari zen paisaia ikusmiratzea —Hendaiako hondartzaren hari horia, bere ezkerrera uzten ari zen Txoldokogainaren tontorra—, iruditzen baitzitzaion Txingudi beste aldetik ikustean, Juliaren salako harizko errezel zurien artean kokatuta, azken hiru hilabeteetako gurutzebidea ezabatuko zitzaiola.
Izerdi-patsetan zegoen, ilea erabat bustia. Horregatik, beharbada, bekaina ebakia eta aurpegia zarramazkatua zituelako, luze eduki zuten mugan, ordenagailuan kontsultatu bitartean. Ez zuen asmatzen gorabehera hori beldurrik gabe, normaltasunez bizitzen, ezin zitzaiola deus gertatu esaten bazion ere bere buruari.
Hondarribira iritsi zenean erabat nekaturik zegoen, baina hala ere ohiko lekuan utzi zuen autoa, harresiaren oinean, erdian estatua ikaragarri itsusi bat duen biribilgunean, eta oinez hartu zuen Panpinotetik gora. Ibiltzen hasi orduko, trumoi hotsa entzun zuen, luzea eta bortitza, eta, haren eraginez bezala, kanpai hotsa gero. Zerua argi zegoen arren, euria hasi zuen, euri bera, mantsoa baina ugaria. Ez zuen aterperik bilatu. Galtzadaren erditik jo zuen maldan gora, sukarraren izerdia kentzeko aurpegia euriari eskainiz.
Pare bat aldiz jo zioten klaxona bazter zedin, eta auto batek harrapatu zuen ia, azken metroetan korrika hasi zenean. Gero, ate aurrean, arnasa berreskuratu arte itxaron behar izan zuen kontrazeinu zaharraren hiru kolpeak jo aurretik. Atea jo eta pauso bat atzeratu zen, euritan berriro, urduri, iheserako prest, edo irekitzen zionean hobeto ikusi nahian.

No hay comentarios:

Publicar un comentario