2011-03-22

410. pasartea

Baina Juliaren etxera joatea erabaki zuen azken egunean ez zegoen edanak pasatuta. Eguraldi ederra egiten zuen, eta ez zen Grand Café-n egon. Kasinoko terrazan baizik, eguzkiak betazaletan egiten zion ferekaz gozatzen. Bereziki gozoa da udazkeneko eguzkia, eta horregatik, imajinatzen zituen eszenei, alaiak izan gabe ere —ez baitziren inoiz alaiak izaten—, halako gozotasun bat zerien. Berez, ez zituen aldaera asko. Gizonak gauza bera esaten zuen beti, “utzi niri erantzuten”, berak Alderdi Ederretik deitzen zuenean. “Nik erantzungo diot” esaten zuen gizonak, eta Juliak hitz horien aurrean izan zezakeen portaerak mamitzen zituen aldaerak. Batzuetan, gizonak “nik erantzungo diot” esaten zuenean, telefonoa hartzea eragotzi nahi izaten zion. Baina gizonak zaflada batez kentzen zuen aurretik. Gehienetan biluzik zeuden, ohean, eta gizona iletsua zen, ile ugari eta beltz-beltzekoa. Juliak “utzi niri” erregutzen zion, “esango diot gehiago ez deitzeko”, begiak malkotan. Baina besteak hartzen zuen telefonoa, jakina, eta “azken aldia deitzen duala, babo alena” esan ondoren, eseki egiten zuen.
Batzuetan, bere burua krudelago mindu nahi zuenetan, Juliak barre egiten zuen, “hori sustoa hartuko zuena gizajoak”, eta algara egiten zuten biek, ohean biluzik. Egun hartan, ordea, aurpegia bi eskuez estaltzen zuela ikusi zuen Julia, gizonari “zergatik egin diozu hori” negar-zotinka esaten ziola, eta jotzeko eta atzamarkatzeko ahaleginak ere egiten zituen. Baina gizonak, erdi barrez, erdi serio, besoetatik heldu eta ohe gainera botatzen zuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario