Ez zen aukerarik txarrena. Batzuetan ohean imajinatzen zituen neska ilunaren erretratupean, haren kristalean portzelanazko platerean pilaturiko kandelen lamak islatzen zirela. Juliak itxita edukitzen zituen begiak, malkoak ezkutatzeko bezala; ezpain ubelak, berriz, erdi zabalduak. Berak Alderdi Ederreko kabinatik bigarren aldiz deitu zionean gizonak hartu zuen. “Utzi niri erantzuten”. Juliak ez dio ezetzik esaten, baina aurpegian nabari du ez diola aparatua bere gogoz ematen. Bere kasa uzten dio, kontra egiten ausartu gabe. “Babo alena, azken aldia deitzen duala, entzun?” esan zion gizonak, eta berak ez zuen ahotsik ezagutu.
Berdintsu beti. Eguraldi onik egiten ez zuenean, Grand Café-ra joaten zen. Kamareroek ez zuten atsegin. Lehenbizikoz sartu zen egunetik gorroto zuten. Bezero baten bila zebilela esan zien orduan, adinekoa, iharra, bizar-zuria, beltzez jantzia, derrigorrez ezagutu behar zutela, arratsaldeak han eserita, Hondarribira so pasatzen zituelako. “Inamuino, je ne vois pas, monsieur”. Sartzen zen guztietan gauza bera egiten zuen, Unamunori buruz gero eta zehaztasun gehiago emanez, azkenean adar-jotzeaz konturatu ziren arte, eta propina oparoak ematen bazizkien ere, ez zioten barkatzen, antza, zeken tratatzen baitzuten.
Behin baino gehiagotan “aretoa abandonatzeko” eskaria egin zioten Erromantzeroa ozenki irakurtzeagatik; besterik gabe, ez baitzuen istilu handiegirik sortzen, askotan edanak pasatuta egon arren. Alkoholak serioago eta formalago egiten dituen horietakoa zen, orekari eutsi nahiak lerdenago, duintasun handiagoz bezala ibilarazten dituenetakoa. Lerden, orekaren zalantza ia antzematen ez zitzaiola, arestian ibaian ebakitako bekainagatik ez balitz, mozkor serioek duten aire baldres eta tragikoarekin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario