2011-03-22

408. pasartea

Juliaren atea jotzea erabaki bazuen, Txingudi, itsasontzi berde eta urdinak, Hendaiako hondartzaren arrasto horia eta Txoldokogainaren ñabardura aldakorrak haren salako leihotik, harizko errezel zurien artean kokaturik, ikusi nahi zituelako erabaki zuen.
Egun ederra egin zuen, argitsua. Arratsaldea amaitzear, ordea, Iñaki Abaitua justu Panpinotetik gora zihoala, zerua estali egin zen eta trumoiek parrokiako kanpaiekin apokalipsi kutsuko elkarrizketan jardun ondoren, euria hasi zuen, zaparrada mantso baina ugaria.
Eguraldi ona egiten zuenean Kasinoko terrazan eseri ohi zen, eguzkitan lokarturik egoteko. Kalenturaren eraginez, eguzkia aurpegian zuela, Julia gogoan, erdi eldarniotan egoten zen.
Erdi eldarnio hartan, arreta handiz konposatzen zituen bere burua gehiago samintzea helburu zuten eszenak. Zehaztasun handiz aukeratzen zituen osagai guztiak eta, ezinbestean, beti berdin amaitzen ziren gertakizunak; oso garapen geldia izaten zuten, azken koadroaren ikuskizuna gutiziaz berandutzen zuelarik. Berez, Juliaren mugimenduak nasaiak izan ohi ziren. Salan, lurrean eserita, leunki mugitzen zituen eskuak, zigarroa hain era berezian, txikiaren eta nagiaren artean hartuta, alfonbraren litsak txirikordatzen.
Lurrean, alfonbra zuriaren gainean eserita kokatzen zuen, bordatzen bailegoen, buru-makur, gizona atean agertzen zenean. Gizonak ez zuen aurpegirik, baina sartzean hitz berak esaten zituen, eta hitzen doinua bai, oso zehatza zen “ez du gehiago deituko” esatean. Barre egiten zuen, algaraz, ozenki, algara boteretsuz. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario