Belauniko jarri zen, zutik gero, eta bere inguruan osatzen zuten biribiletik irten zen hitz egiteari utzi gabe, ahots urratuz, “os habéis cargado todos los pájaros del monte con la mierda de escopetas de Eibar”, eta beste ostikada bat eman zion zakur bati.
Tenorino gizenak paparretik heldu zion, eta joko zuen gainerakoek “ez al dek ikusten kriston atxurra dula” eta antzeko argudioak erabiliz galarazi ez baliote. Beren harrizko mahaira itzuli ziren, beraz, eta ez zuten zubiaren bestaldean ibai ertzera erortzen ikusi. “Eibarren ere ez, Italian erosten dituzue eskopetak zuek, faxista zikinok” ari zitzaien oihuka zubitik, eta Allons enfants de la Patrie kantari gurutzatu zuen, desfilean bezala, lurrari ostikoka, sasietan oztopo egin eta pendizean behera ibai ertzeraino erori zen arte.
Lurrean etzanda, gorputz erdia uretan zuelarik geratu zen. Ahoa zabaldu bai, baina hitzik ezin ebaki zezakeela egiaztatu zuen harriduraz. Hala eta guztiz ere, garrasi egin nahian, behin eta berriz zabaltzen zuen ahoa, lehorrean legokeen arrain baten modura, hots gutural bat baino lortu gabe. Ukalondoetan finkatuz, gorputza arrastaka, uretatik irten nahian ahitu zituen azken indarrak, eta ahozpez etzanda geratu zen, masailean lohiaren freskotasuna sentitzen zuela, materia elementalen usain sarkorra eta hodien jarioaren hotsa, lorategi ahaztu bateko iturri gardenen oroitzapena zekarkiona. Berriz ere ahoa alferrik zabaldu ondoren, etsi egin zuen, gogoa heriotzaren ideia baketsuari emanez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario