Ez zuen zakurrik ostikoz jotzeko asmorik, beraz. Erabat gogoko zituen animaliak, zakurrak bereziki, baina zubian, biratzerakoan, irristatu egin zen, eta hanka artean trabatu zitzaion zakurra. Denak zeuzkan begira, kantatzeari utzi gabe, “ez zen gehiago txoria izango”, korutik gizen baten tenorino tankerako ahotsa, gorputzaren neurriari zegokion bezala, gehien nabarmentzen zela, eta amaitu zutenean Iñaki Abaitua ibaiaren bestaldean zegoen jada. Tenorinoak, eseak txistukatuz, “como toques los perros te vas a llevar más hostias...” esan zion, eta orduan bai, ezin izan zion eutsi eta ostikada jo zion gertuen zeukan zakurrari, “tócame, maricón, gordo de mierda”, ukabila altxatuz desafio egiten ziola. Eta pauso baldarrez hurbiltzen hasi zitzaienean —alkoholak, eragotzi ordez, bizkortu egiten zion hitz trebetasun estimagarriz irain-jario—, inoren laguntzarik gabe jausi zen lurrera. Eta lurrean ere zaunka egiten zioten ehiza-zakurrez inguraturik, “Diputazioko peoi izatea helburu nagusi duen ezjakin-tribu haragijalea” esan zuen, lau hankan jarriz, bere aurrean zabalik zekusan zango parearen euskarria bilatuz, baina hain zuzen ere haietako baten belaunkadaz atzeraka erori zen berriro, eta, esertzea lortutakoan, dozena bat izango zituen inguruan, eta tenorinoak “vas a ver tú qué es bueno” esan zuenean, espero zuten agindua bailitzan, ostikoka hasi zitzaizkion.
Ez zuen oinazerik sentitzen, ez behintzat aste osoan barrabil handituen eta, hirugarren barrabila bailitzan, iztondoan hazia zitzaion ganglioaren eraginez jasaten ohiturik zegoenaz apartekoa, eta ihes egin zion oinetakoa sartzeko bildu zuen gorputza, ez aurpegia gordetzeko. Azkenean jotzeari utzi zioten.
No hay comentarios:
Publicar un comentario