2011-03-22

405. pasartea

Hautsontzian lagatzen ditu paper zatiak eta sua ematen die gero. Suari so, pentsatzen du ez dakiela ziur hitz haiek ote ziren ametsetan, herriko plazan, kioskoaren inguruan ukabila altxatuta ikusi ohi zituen Betroitzakoa, Izarreko Txato, Solana, Errezil eta gainerakoei esan nahi lizkiekeen hitzak, ala bizitzan ez zuela suerte onik izan, besterik gabe. Kapilauari hori esan omen zion: ez dut bizitzan suerte onik izan.
Betroitzakoa, Izarreko Txato, Solana, Errezil edo gainerako edozein egon zitekeen, zergatik ez, Iñaki Abaituak etxe kantoi bakoitzeko harrizko mahaien inguruan eserita ikusten zituen gizonezkoen artean.
Zubitik ikusten zituen. Ibai gainean, komunen horma zaharrak ageri ziren, eta sukaldeetako hodi uralitazkoen jarioak apar ilunezko arrastoa uzten zuen korrontean. Hots haren gainetik, kantuan entzun zituen —”hegoak ebaki banizkion neria izango zen”—, alkoholaren sentiberatasuna salatzen zuen kadentzia geldoa markatuz —”neria izango zen, ez zuen alde egingo”—, eta guztien gainetik lodikote baten tiple ahotsa errepikapena eskatuz, eta denek, kokotsak bularretan finkatuz “eta nik, eta nik” obeditu zuten, besoak bizkar gainetik pasatuta, batzuek lepoan zapi urdina lotua zutela, txano zuriak buruan —ikurrinez apainduak gehienak—, “eta nik txoria nuen maite”.
Zakurrek urrunetik egin zioten zaunka, eta inguratu egin zuten gero, zitalenek hortzak mehatxari erakusten zizkiotela. Ostikoz jo baino, behaztopa egin zuen zakur batekin. Arratsalde osoan jarduna zen gin-tonicak edaten, Hendaiako Kasinoan lehenbizi, Unamunoren Cancionero-tik poemak ozenki irakurtzeagatik kalera bota zuten arte, eta Grand Café-n gero, arrazoi bera zela medio alde egin behar izan zuelarik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario