“Laurak dira jada” esan du kartzelariak, eta hasperen egin du erdi lo. Berak, berriz, esna ditu bost zentzuak, esna baino gehiago erne. Horregatik, erne dituelako hain zuzen, ahalegin handia egin behar du pentsamendua zehazteko.
“Euskadiren alde ematen dut bizia” idatzi dio eskuak, bi ordu barru ezin idatziko duen eskuak, jadanik sentituko ez duenak. Berak ez du sentituko, bera eskua delako, eta begiak eta bularra. Eta hitz horiek geratuko dira: “Euskadiren alde ematen dut bizia”. Ezpainik mugitu gabe esaten ditu, barnerantz, bortizki, eta jendaurrean, A-ko herri osoaren aurrean dioela sentitzen du. Jendea ukabilak jasota, “Aberria ala hil” oihuka.
Funtzionarioak laurak direla esan duenean, galiziarra hurbildu eta esku bat besagainean jarri dio altxatzea eragozteko bezala. Horrela sentitu du berak. Baina galiziarrak atsegina izan nahi du eta adierazi nahi dio oraindik ez dela ordua, aitortzeko garaiz dabilela. Hori esaten dio, eta ea ez al duen ulertzen, hobe lukeela, badaezpada ere; ez duela deus galtzekorik, alegia.
“Luzea da gaua”. Papera erakutsiz. Idazten bukatzen duenean, beharbada. Akaso orduan. Ez du ezer gehiago idaztekorik, ordea, hitz guztiak zalantzazkoak egiten baitzaizkio. Euskadi bera, ez daki Euzkadi ez ote den, adibidez. Kartzelariak “noski, noski, idatzi” esaten dionean. Ez zaio ondotik aldentzen, ordea, eta azkenean orria doblatu eta erditik ebakitzen du, eta gauza bera berriro, arreta handiz, bi zatiak tolestatu ondoren, eta horrela paper multzo lodia pilatu eta gehiago ezin erdibitu duen arte.
No hay comentarios:
Publicar un comentario